XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zuzendariari Arantxa URRETABIZKAIA.

BAKOITZAK nahi duen tokitik zabaltzen du egunkaria, ohiturak edo grinak agintzen dion lekutik.

Handik aurrera paseatzen da horrietan zehar nor bere modura.

Baina edozein abiapuntu aukeratzen dela ere, azkenean, zaletasunak, asperraldiak nahiz jakin nahiak jota, irakurle gutxi gelditzen da zuzendariari bidaltzen zaizkion eskutitzak irakurri gabe.

Askoren eritzian, atala hori da begi gehien biltzen dituena, agian kirolak berak baino gehiago eta, zer esanik ez, eritzi horrialdeek baina hamaika aldiz gehiago.

Zuzendariari, dio izenburu tradizionalak, baina egokiago izango litzateke agian eskutitz horiek irakurleari zuzentzen zaizkiola esatea.

Apustu, egile gehienei bost axola zaiela zuzendariaren eritzia, ez bada idazki bat argitaratuko den ala ez erabakitzeko momentuan.

Karta hauek mundu zabalari zuzentzen zaizkio, historiaren lekukotasunari.

Hau da, dudarik gabe, egunkarietako atal horren mirari nagusia eta horrexegatik, aspaldian norbaitek asmatu izan ez balitu luzapenik gabe asmatu beharko genituzke, hauxe delako bestela adierazpen faltan geldituko liratekeen ideak edo jakinduriak zabaltzeko modu bakarra.

Atal horretan argitaratutako eskutitz gehienak erantzunik gabe geldituko dira, baina inoiz ez irakurlerik gabe.

Horregatik idazten dira gure artean eskutiz gehietsuenak erderaz eta ez euskeraz, idazlea euskalduna eta alfabetatua denean ere, ezprofesional eta noizik behineko den gutun idazleak ongi asko dakielako oihartzun gehiago lortuko duela erderaz euskeraz baino.

Azken batean, zergatik ez du ulertuko edozein lanbidez bizi denak politikaz bizi direnek aspaldian ulertu dutena, hots, euskerak oihartzun txikiagoa duela?.

Azkenik, pentsatzen du seguru asko atal honetarako idazteko asmoa duenak bolia eskuan hartzen duenean, nire ideek mundu zabala dute helburutzat, ez mundu laburra.

Euskara lanbidetzat edo espresabidetzat dugunok ere aspaldian ikasi genuen hori, ezaguera horren ondorioak bakoitzarentzat desberdinak badira ere, mundu zabalera heltzeko askok nahiago badu ere bidetxigorra autobidea baino.

Oro har, bi sail egin daitezke zuzendariari dioen izenburuaren azpian azaldu nahi duten eskutitzekin: lehenengoa eritzi bat, burutazio bat, salaketa edo gertakizun baten berri emateko idazten dutenek osatzen dute eta bigarrena, zuzenketaren bat egin nahi dutenek, izen bat gaizki idatzi dela edo data okerra dela adierazteko idazmakina edo bolia hartu eta zuzendariari eskutitza idazten diotenek.

Bi talde horiekin nahasturik azaltzen dira hirugarren atala osatzen dutenak merezimenduz nahiz menturaz egunkariaren beste edozein ataletan azaltzeko aukera izanki sail honetan ere ausartzen direnak, hots, izen ezagunen jabeak.

Irakurle bila, egunkariaren horrialderik preziatuenetan parte hartu nahian, guztiok dakigunez elkarrizketetan maiz aipatzen bait dira gutun horiek bideratzen dituzten eritziak.

Gainera, egunetik egunera eskutitz personalak, ez-profesionalak hain zuzen, pro eta bakanagoak, exotikoagoak egiten den bitartean, zuzendariari bidalitakoak dira, ia, espresabide honen adierazle bakarra.

Zuzendariari bidaltzen zaizkion eskutitzek ez dute maitasunezko edo adiskidetasunezkoen xarma, lilura, baina dudarik gabe, idazlearen emozioa ez da txikiagoa.

Hor gelditzen da etxean zai, bere izena egunkarian ikusi arte.